Iparragirre Sagardotegia XIX. mendeko baserri batean dago kokatuta, Urumea ibaiaren ertzean, Oindi mendiaren magalean. Esan liteke paraje honetan denborak ez duela aurrera egin, urteen joanak ez duela arrastorik utzi.
Sagardotegi zaharreko hormak dira historiaren lekuko, eta baserriko egur zaharrek gaur egungo Eguzkiza-Beobide familiaren arbasoek erositako dolare zaharrari eusten diote. Hirugarren belaunaldia da sagardotegiaz arduratzen dena, eta, laugarren belaunaldikoen laguntzarekin, hainbestetan saritutako sagardo ospetsua egiten duena.